XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Suiza: banketxeen neutraltasuna Uztailak 2. Periodikoetako azken orrialdeak inolaz ere agoanta ezinekoak izaten dira gehienetan.

Inon sartu eta kabitzen ez den zaborreria guztia etortzen da bertan.

Inori axola ez zaizkion berriak dira.

Eta denok irakurtzen dugu.

Ingalaterrako errege-erreginen sendi eta senditartekoez beren antiojuez kapritxo eta gurariez, inora ez garamatzaten gauzez, gehiago dakigu uharte britanikoetako monarkia konstituzionalaz baino beste zenbait kontu interesgarriagoez.

Hala, inoiz ez dugu esplikatzen asmatzen zergatik jokatzen duten futboleko mundiala Irlandak, Eskoziak, Galesek eta Ingalaterrak nahiz eta jakin zein neurritakoak diren Lady Diren gorputz atal guztiak.

Kirola eta politika nahastea ez da olinpismoa.

Orri hoiek hala ere esan nahi handikoak dira morbo guztien eta grina bihurri eta ezkutuko guztien bazka dira.

Pornografiak era edukatuan fenomenoen zerrendak eta txotxolokeriak eraiki eta pil pilean bizi dugun kultura dira.

Gaurkoan tanatopraxia zer den enteratu gara.

Hilotzak zazpi zortzi egunean itxura antzean mantentzeko teknika bat omen da eta Catalunyako Generalitateak legez baimena eman diona.

Helburuan hildakoen irudi fisikoa hobetzea omen da.

Pornografia eta gogorrekoa gainera.

Ez genekiena jakin dugu denok gainera, eta berehala etorriko zaigu gurera ere legea ez bada erreibindikazioa.

Ni hiltzen naizenean konbentzitu daitezela guztiak hil naizela. Beren mesederako.

Uztailak 3. Ni ez naiz inoiz izan Suizan.

Suiza imajinatzerakoan mendi elurtu bat, inoiz hutsik egiten ez duen kanpandorreko erloju bat, behi bat eta ez sartzerakoan eta ez ateratzerakoan izenik eman behar ez duzun diru kutxa bat irudikatzen ditut.

Irudi polita benetan estatu neutral batentzat.

Hemen banketxe bat izan daitekeen bezain neutrala.

Dirua badaukazu gorbatatik tiraka eta zor baduzu lepotik tiraka.

Berdin da droga saltzeagatik daukazun ala droga kontsumitzeagatik zor duzun muin muina lepoa da.

Halako errealitate polit, dotore eta atsegin batean batek ezin du esplikatu sozialismoak zergatik existitu behar duen han, ala hain zuzen, sozialismoa existitzeagatik bizi diren hala.

Ezin du esplikatu zergatik dauden diputatu sozialistak internazionalean sartuta eta zergatik esaten duten orain Paesaren kasuaz ez hitzegiteko presioak jasan zituztela, eta zergatik esaten duten oraino presiorik ez zela egon.

Zergatik esaten dieten bata batzuei eta bestea guztioi.

Ziegler neutraltasunaren eredu eta adibide.

Mekauen neutraltasun guztiak!.

Uztailak 4. Euskadi Kulturala jasotzen dut korreoz kultur berrien aldizkaria.

Kultura segun eta zeinen ikuspegitik, berriak, zaharra berri, eta aldizkariarena itxura. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismo Sailak eskaintzen duen zerbitzu bat gutxienez inprenta paper saltzaile eta argitaratzaile taldeari.

Txarra da hoiek ere langabezian edukitzea.

Kulturarik ez dagoen tokian legezko eta eskubidezko den bezala asmatu egiten da, horretarako aski da koadro taula grafiko eta abarrak tanto urdinez pintatzea.

Munduko gauzarik dinamikoena gara.

Edozer gauzatan alperrik gal dezakegu tinta, lana eta izardia, eritzi trukean erreportaia erakargarrietan eta lan seriotan ezik.

Aurrera bada! Politikariek beraiei ez diela balio erabakitzen duten arte.

Edo egunkariaren proiektuak diru hoiek irentsiko dituen arte?.

Uztailak 5. Aze gaua bart, dagoenekoz ospetsu bihurtzen ari den gure etxepe honetan.

Ingeles flematiko bikote bat mozkor mozkor eginda, giltza bat eskuan piso guztietako ateak irekitzen saiatzen. Denetan kale.

Azkenean ia hotel España non zegoen galdezka.

Bakarren batek poliziari, nazionalari, deitu eta etorri zirenean, kauenlaletxe! berriro ingelesak!.

Atera eta, glup! ingelesak joanda eta polizia atean.

Etorri zirenez zerbait egin behar eta kalean koltxoi baten gainean lo zegoen eskale bat esnatu ostikoka, hondartzara joan zedila bide publikoan lo egiterik ez zegoela eta.

Eskalea hondartzara, edo ez dakit nora, eta koltxoneta espaloian auzotarrentzat opari.

Pentsatzen jarri eta zenbat egunean egongo den hor galdetzen diot neure buruari, zenbat goardia munizipalek ikusiko duen, zenbat paper idatziko den, zeinek utzi ote duen asmatzen zenbat denbora joango ote den, zabortegira eramatea nori kobratu erabakitzen pasatuko diren buruausteak udal zerbitzuen efikazia....

Beste eskaleren batek jasoko du eta expedienteak burokrazian murgilduta jarraituko du.

Eta dena bi ingelesek ez dakit zeinen kontra galtzeagatik kitapenas ibiltzea erabaki dutelako.

Behar beharrezkoa genuen Ertzantza.

Uztailak 6. Frantsesak kristorenak dira.

Aste honetan Europa osoa repasatzen ari gara.

Turismoko ministroari dimititu arazi egin diote langabeko koadrila handi bati arratsalde batean soldata emateagatik.

Olivier Stirn jaunak ustez garrantzia eta oiartzun handia izan behar zuten hitzaldi batzuetan jenderik ez zegoela ikustean lanik gabeko koadrila bat kontratatu zuen publikoarenak egiteko.

Alegia hitzaldia entzute plantak egiteagatik ordaindu ziela.

Eskandaloak sabairik ez du izan eta ministroak lurra jo du.

Adibideak jarraitzailerik beharko balu gure herrian lurrak estalita egon beharko luke, etzanda dauden ministroz, sailburuz eta politikoz estalita.

Ez dut esango langabetuek txalo jotzeagatik dirurik kobratzen dutenik baina bai administrazioa, erakundeak eta abarrak langabetu izatea merezi luketen inkonpetentez, ipurmiaztailez eta esker oneko urdailez beteta daudela eta denetan hoberenak garen herri honetan dozenak hamasei dituela.

Arratsaldeko baterako langabeko koadrila bat kontratatzeak, gaur eta hemen, ez luke dimisiorako motibo izan behar, besteren artean ia efikazago eta gainera merkeago aterako litzaigukeelako, eta hastekotan goreneko kontratuetatik hasi beharko litzatekeelako.

Uztailak 7 eta 8. Ez noa San Ferminetara eta ez nator San Ferminetatik, baina aski da haurrekin egindako egunpasa bat eta lagunartean jokatutako pala partidu bat honoko hau porru eginda uzteko, ez idazteko eta ez irakurtzeko.

Biak dira gainera iharduera peligrosoak, Milan del Bosch berriro libre dago.